Armairutik irteten

Artikulu honen bertsio laburrago bat argitaratu zen Berria egunkarian 2016ko abenduaren 4an

-ren irudia
 Armairutik irteten

Armairutik irteten

Bada urte eta erdi Gipuzkoako Aldundian Hizkuntza Berdintasuneko zuzendari kargua hartu nuela; denbora tarte honetan, zantzu interesgarri asko ikusi dut euskararen biziberritze prozesuan: diskurtso eta jarrera berritzaileak, kezka aktiboa, lankidetzarako prestutasuna, ikerketa ugari, ekimena nonahi...

Apar horren azpian bi egiaztapen. Lehena, datuek argi erakusten dute euskalduntze prozesuan egindakoaren tamaina eta hedapena, metatu den hizkuntza gaitasuna. Bigarrena, pertzepzioek adierazten dute gaitasun metatu hori erabilera bihurtzeko estrategia osagarriak behar direla, hizkuntza asimetriaren harresiak ez direla euskaraz jakite soilarekin erortzen.

Ohartu naiz hainbat ekimen, itxuraz sakabanatuak, bat datozela puntu honetan, alegia, hiztunen arteko harresien esplorazioan. Galdera nagusia da: zer gertatuko litzateke sistematikoki eta normaltasunez euskarari eutsiko ba(ge)nio? Eta galdera osagarria: zer nolako indargarriak behar ditugu sistematikoki eta normaltasunez euskarari eusteko?

Lehen erantzuna bistakoa da: euskarari eusten bazaio hizkuntza gatazka bistaratzen da. Hori ez da txarra; alderantziz, beharrezkoa da. Gatazka bizikidetzaren egunerokoan dago. Bi pertsonek autoa hartzen badute, bidegurutze bakoitzean daukate gatazka: nor lehenago? Gatazka konpontzen da arau adostu batekin: eskuinetik datorrena, edo argi berdea daukana. Hizkuntzekin berdin: lehen urratsa da gatazka bistaratzea, konponbidea negoziatzen hasteko.

Azken hilabeteetan izan diren esperientziek erakusten dute gatazka ez dela liskarra. Lutxo Egiak Bilbon egindako performance aitzindarian hori izan zen ondorio pozgarri bat: harridura bai; onespena, ez beti; liskarra, oso gutxi. Beste horrenbeste esan daiteke Egiako auzoan, Donostian, izandako talde esperientziaz; hemen ere normaltasunez bistaratu zen gatazka, eta modu zibilizatuan ekin zioten konponbideak negoziatzeari. Esperientzia honen gidaliburua laster iritsiko da antzeko zerbait egiteko irrikan dauden herri mordoxkara.

Bigarren erantzuna zabalagoa litzateke, aldagai gehiagokoa, baina hemen ere badira esperientzia esanguratsuak. Esaterako, Lasarte-Orian oraintxe gauzatzen ari dena. Lau urtez behingo 40 orduko euskararen maratoia aurten bihurtu dute 40 eguneko esperimentua. Aldez aurretik, hainbat lagunek hartu dute aste betez euskarari eusteko konpromisoa, eta hori esplizitatu dute “ahobizi” dioen plaka bat paparrean jarrita. Era berean, beste lagun mordo batek hartu dute 40 egunez euskara ulertzen saiatzeko konpromisoa, paparrean “belarriprest” dioen ikurrarekin esplizitatuta. Guztira 2.000 lagun inguru sartu dira jokoan, gurean seguruenik inoiz egin den ikerketa soziolinguistiko handienean. EHUko ikerketa talde bat ari da gidatzen esperimentua eta jarrera nahiz portaera aldaketak neurtuko dira amaieran, ondorioak ateratzeko.

Lasarte-Orian probatzen ari diren hizkuntza simetriarena da hizkuntza gatazken konponbide azkarrena: bakoitzak bereari eutsi, bestearena ulertuz. Hor dago beste gako garrantzitsu bat: ulermena.

Gai hau aipatu izan dudanetan bi erreakzio mota ia kontrajarriak ikusi ditut. Euskararen periferian dagoen jendeak ilusioz hartzen du proposamena: “¡A eso sí me apunto!” Euskaraz erantzun beharretik libratuta, prest agertzen dira besteen euskara ulertzeko. Aldiz, euskalduntze sektorean eta hainbat euskaltzalerengan errezeloa nabari dut, ez ote den txikira jokatzea eta egungo eskakizunak merkealdian jartzea. Lasai beude: ulermena lantzeak ez du euskalduntzea ordezkatzen, osatzen baizik. Ulermen soila proposatuko genioke erremediorik gabe euskaratik aldenduta dagoenari, berdin da bere arrazoia ezina den edo hautu kontzientea. Bere funtzioa litzateke euskaraz egin nahi duenari oztopoak kentzea, bilkura batean elebakar bat edo bi ez daitezen aski motibo izan denek hizkuntza aldetzeko.

Ulermena nola landu ere ikertzen ari da. Nola eman euskara ez dakienari hitz mordoxka baten ulermena, bere jarrera aldarazteko neurrian; eta nola egin hori denbora labur batean eta modu erakargarrian, onurak azkar bistaratzeko eta jarrera aldaketa iraunkorra izateko.

Gipuzkoako Kutxan hizkuntza arduradun izan nintzen garaian saiotxo batzuk egin genituen esparru honetan, eta emaitzak oso adierazgarriak izan ziren. Adin ertaineko lankide asko ikusi nuen hizkuntzaren armairuan sartuta, euskarari aukera bat emateko beldurrez, pentsatuta lehen urratsa eginez gero EGAraino iristea eskatuko zitzaiola eta horretarako beranduegi zela. Presio hori kenduta, armairutik irtetera ausartu ziren eta urteen poderioz trabatutako hizkuntza korapiloa askatu zitzaien. Handik aurrera, posible izan zen haiei –edo haiek zeuden bileretan- euskaraz egitea.

Beste horrenbeste gertatzen ari da Soziolinguistika Klusterrarekin batera sustatzen ari garen Aldahitz ikerketan. Berriki Aldundiko Ogasun Departamenduan egin da antzeko esperientzia bat: hauen kasuan hizkuntza portaera guztiz aldatu da, dagoeneko ez dira euskara erabiltzeko oztopo.

Jende asko ari da hizkuntzaren armairutik irteten. Ekimen ugari sortzen ari da han eta hemen, euskarari eutsi nahi dionak aukera gehiago eta erosoagoak izan ditzan. Urte luzeko lan sendoaren ondorioz metatu den hizkuntza eta soziolinguistika ezagutzari etekin handiagoa ateratzeko ordua iritsi da.

Erakunde publikoetan gaudenoi laguntzea dagokigu ekimen horiek gauzatu daitezen: gauzatu bitartean diskurtso egokiarekin babestea eta gizarteratzea; ekimenen eta eragileen arteko sareak sortzea, bakoitza ez dadin bolbora asmatzen jardun; eta behin ekimenaren emaitzak bistakoak direnean, orduan indartsu sustatzea eta hedatzea. Euskararen prozesuak bi hankak behar dituelako lankidetzan: gizarte ekimena eta erakunde publikoen ahalmena.