Erakundeen euskarazko komunikazioa laguntzeko sarea aurkeztu dute

Jendaurrean Erabili du izena, eta Soziolinguistika Klusterrak eta EHUk bultzatu dute. Interesa duten erakundeei zabalik dago aurrerantzean

-ren irudia
 Erakundeen euskarazko komunikazioa laguntzeko sarea aurkeztu dute
Euskal Herriko bederatzi erakundek osatu dute praktika komunitate izena ipini dioten taldea: Adegi Gipuzkoako patronala, AEK, Athletic futbol taldea, EHU bera, EITB, ELA sindikatua, Getxoko Udala, Bilboko Guggenheim Museoa eta Gipuzkoako Foru Aldundia. 2016ko irailaren 30ean egindako aurkezpenaren bidez, interesa izan dezaketen gainontzeko erakunde guztiei ireki dizkiete ateak. Eta, era berean, web orri bat ere ipini dute martxan: www.jendaurreanerabili.eus.

2015etik euskaraz komunikatzeko garaian sortzen zaizkien zailtasunak eta zalantzak partekatzen ibili dira, batetik. Bestetik, oztopo horiei zelan aurre egin dieten ere azaldu diote elkarri. «Esperientzia eta ezagutza handia pilatu dute urteetan», zehaztu du Olasok. Azpimarratu du proiektua ikerketan oinarritzen dela: «Erakundeen beharrak kontuan hartu dira eta hori ikerketarako erabili da».

Gogoeta eta eztabaida

Lehen fasean parte hartu duten erakundeetako komunikazio arduradunek prestakuntza saioak izan dituzte, iazko azaroan hasita. Horien ondoren, gogoeta edo eztabaida saioa izaten zuten, eta bederatzi erakundeetako komunikazio arduradunen iritziak eta ekarpenak bildu dituzte. Horiek oinarri hartuta ekin dio ikerketari EHUko eta Soziolinguistika Klusterreko ikerketa taldeak. Izan ere, proiektuak badu alde zientifikoa.

EHUko Euskara errektoreorde Jon Zaratek unibertsitatearentzat tresna «oso garrantzitsua» dela azaldu du. Batetik, etorkizuneko profesionalak izango diren ikasle euskaldunak prestatzen dituztelako. Bigarrenik, EHUk baduelako ezagutza zientifiko bat eta adituak diren profesionalak, proiektuari ekarpen handia egin diotenak. Hirugarrenik, erakundearen beraren komunikazio beharretarako «ezinbesteko laguntza» izango delako sarea osatzen duten gainerako erakundeen esperientziak ezagutzea, eta beraiek eurenak azaldu ahal izatea.

Proiektua diruz lagundu dute hainbat erakundek; besteak beste, Gipuzkoako Foru Aldundiko Hizkuntza Berdintasuneko Zuzendaritzak. Mikel Irizar zuzendariak parte hartu du aurkezpenean. Proiektua joan den hamarkadan sortu zela gogoratu du, eta hasieratik ezagutu duela berak. Komunikazioan euskara lehenestea «bi hizkuntzen arteko oreka lortzeko modua» dela azpimarratu du. Era berean, erakundeen prentsaurreko eta ekitaldi publikoetan euskara erabiltzeko protokolo komun baten aldeko aldarria egin du.