Euskar4.0

Ikerketa eta berrikuntza lehentasunetan jarri ditu Hizkuntza Berdintasuneko Zuzendaritzak. Gipuzkoako diputatu nagusi Markel Olanok bide berriak urratzeko premia eta determinazioa azpimarratu ditu Euskar4.0 jardunaldian

-ren irudia
 Euskar4.0

Gakoa da eragile euskaltzaleon pisua eta eragina handitzea gizartearen esparru guztietan: erabakiguneetara iristea eta hizkuntzaren aldagaia ardatzean kokatzea; deialdi eta kontratuetan lehiakorrak izatea; euskarazko erreferentzia indartsuak eraikitzea; harreman pertsonaletan hizkuntza hautuari eustea; norbanakoaren ahaleginari babes kolektiboa ematea; baldintza sortzea aurreko guztia egingarri izan dadin.

Hauek dira Euskar4.0ren hamar geltokiak:

1. Ikus-entzunezko sorkuntza euskaratik

Etorkizuna Eraikiz ekimenaren baitan laborategi bat abiatu zen esparru honetan euskarazko kontsumoa nola sustatu ikertzeko. Hainbat esperimentu gauzatuko dira eta ondorioekin Tabakaleran sorkuntza lantegi bat kokatzeko proposamena egingo dugu.

2. Bakarlanetik elkarlanera

Euskararen gizarte egiturak berritu behar dira edo berriak sortu, funtzioak banatuta eta guztiak elkarrekin artikulatuta. Eraldaketa prozesu bat sustatu nahi dugu, euskararen erakundeak eraginkorragoak izan daitezen.

3. Gizarte aktibazioa

Ezinbestekoa da tokiko dinamikak sortzea hiztunak aktibatzen. Horretarako, ikertzen ari gara arrakasta kasuak,hiztunen portaerak eta euskara azkar ulertzeko metodologia.

4. Kooperazio linguistikoa

Munduko hizkuntza gutxituen artean euskara da bakarretakoa hedatzen ari dena. Horregatik, egiten ari garen bidea eta esperientzia zabaltzeko erantzukizuna daukagu, beste hizkuntza komunitateentzat mesedegarri izan dadin.

5. Partaidetza prozesua

Elkarrekin hausnartuta ari gara antzematen bidegurutzetik haragoko bideak, Putzuberri egitasmoaren bitartez gizarte erakundeak diru laguntzen ohiko poltsa txikietatik nahi ditugu eta esparru handiei begira jarri.

6. Ituntzeko aukeren ikerketa

Premiazkoa ikusten da gizarte ekimenaren eta erakunde publikoen arteko lankidetzari bermatzea babes juridikoa eta egonkortasun ekonomikoa. Ituntze sistema ikertzen hasi gara.

7. Diru laguntza sistema

Epe ertainean aurreikusten dugu biziberritze prozesuan funtzio singularra betetzen duten eragileekin eta lankidetza itundua garatzea; aldiz, zerbitzugintzan ari direnei laguntzea lehia irekira eta aurrekontu orokorrera bideratzen.

8. Euskararen aldeko paktua

Irekitasunez eta anbizioz zubigintzan jarduteko erabakimena du Aldundiak, euskararen biziberritze prozesuak jauzi esanguratsua egin dezan. 2018an euskararen aldeko paktu sozial eta politiko zabala sustatuko dugu.

9. Kudeaketa administrazioan

Administrazioetan Aurrerabide (EFQM)  kudeaketa eredu berria ezartzen hasi da, eta gurean hizkuntza aldagaia ere txertatu diogu. Kabia da kasu aurreratuena... Helburua da hizkuntza kudeaketa izatea kudeaketa ohikoaren parte, eta kudeatzaile ohikoen ardura.

10. Gipuzkoa berdinago

Jendaurreko ekitaldietan hizkuntza portaera berdintzailea sustatzeko 13 kide erreferentzialez osatutako taldea abiatu da. Portaera eredugarria adostu nahi da eta portaera horrekin konprometitu, gizartean lidergoaren eragina izan dezan.