Euskara eta teknologia berriak solasgai IKA MIZKAren bosgarren edizioan

Durangoko Azokan izan da 2016ko edizioa, Euskararen Nazioarteko Egunean

-ren irudia
 Euskara eta teknologia berriak solasgai IKA MIZKAren bosgarren edizioan

IKA MIZKA. Eta hik nola bizi dunk euskara? egitasmoaren bosgarren edizioa egin dute Durangoko Euskal Liburu eta Disko Azokan, Euskararen Nazioarteko Egunaren testuinguruan. Gipuzkoako Foru Aldundiak eta GAZTEZULOk sustatutako ekimen honek euskarari buruz solasean jarri ditu MONDRAGON UNIBERTSITATEA, Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitatea UPV/EHU eta Deustuko Unibertsitateko ikasleak, zizka-mizkaz betetako mahai baten inguruan.

Gazteak solasean jartzen ditu IKA MIZKA Eta hik? Nola bizi dunk euskara? egitasmoak, euskararen erabileraren garrantziaz jabetzeaz gain, gai jakin baten inguruan eztabaidatu eta iritziak elkar trukatzeko. Aurtengo bosgarren saio honetan, teknologia berrietan euskararen erabilera landu dute parte-hartzaileek. Sare sozialak, gailuak eta sarea bera gure eguneroko bizitzaren parte bilakatu diren honetan, teknologia berrien eremuan eta bertan ohikoak diren termino anglosaxoien eremuan, euskarak jokatzen duten paperari buruz mintzatu dira ikasleak.

Ekitaldiaren lehen saio honen atzetik, bosgarren edizioan hiru data gehiago izango dira:

  • 2017ko otsailaren 16an, Hernani MUko Orona Ideo campusean.
  • 2017ko martxoaren 9an, Donostian, UPV/EHUko Informatika Fakultatean
  • 2017ko martxoaren 22an, Donostian, Deustuko Unibertsitatearen campusean.

Lankidetzan ekitaldi horiek antolatzen dituzten erakunde guztietako ordezkariek aurkeztu dute gaur IKA MIZKAren bosgarren edizioa Durangoko Azokaren Landako gunean.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Hizkuntza Berdintasuneko zuzendariak, Mikel Irizarrek, horrela aurkeztu zuen aurtengo edizioa: “Animatu nahi ditugu unibertsitateetako campus ezberdinak esperientzia hau erabiltzera, eta agian bere eskaintza akademikoan txertatzera hizkuntza bizikidetzaren balioen lanketa. Ona litzateke unibertsitateetan lantzea gazteen gaitasuna eguneroko hizkuntza gatazkak sano planteatzeko eta konponbidean jartzeko”. Irizarrek Bizkaiko eta Arabako aldundiak ere animatu ditu dinamika hau sustatu dezaten.

Promozio bideoak ere gaur grabatu dituzte IKA MIZKA ezagutzera emateko. Ingeniaritza, Informatika eta Heziketa Fisikoko Lehen Hezkuntzako hiruna ikasleekin batera, Hesian taldeko Zuriñe Hidalgo eta Fran Urias abeslariek hartu dute parte, Gu ta Gutarrak saioko protagonista Aitor Ormazabal ‘Artzai’ eta Enara Suárez, eta azkenik, Ainhoa Lendinez (ETB) kazetaria eta Telmo Trenado youtuberra aritu dira euskara, teknologia berriak eta  anglizismoen inguruan hausnartzen.

Durangoko Azokaren antolamenduak erabateko erraztasunak eman ditu aurtengo edizioa  egiteko, begirune handiz gainera; beraz, ekitaldiaren arrakastaren zati handi bat Azokari berari zor zaio.