Web edukia bistaratu Web edukia bistaratu

Berriak

Eduki publikatzailea Eduki publikatzailea

Atzealdea

Gipuzkoa berdinago

Hizkuntza portaera bateratu bat adosteko prozesua abiarazi du Aldundiak, lurraldeko erakunde nagusiekin elkarlanean

2017·04·24


‘Gipuzkoa berdinago’ lan taldearen lehen bilera gidatu du gaur diputatu nagusiak;
bi hizkuntzen erabileran oreka eta eredu bateratuak  jorratuko dituzte datozen hilabeteetan.

Gipuzkoako diputatu nagusiak, Markel Olanok, Gipuzkoa berdinago egitasmoaren lehen bilera gidatu du gaur Foru Aldundian, zeinetan parte hartu duten lurraldeko gizarte, ekonomia, kirol eta unibertsitate alorreko hainbat ordezkarik –besteak beste, Mondragon, Kaiku, Adegi, Osakidetza, Ral Sociedad. Jendaurreko hizkuntza portaera bateratzea adostu eta praktikan jartzeko helburua du lan talde honek, gisa horretan hizkuntza berdintasunean sakondu eta eredu orekatuagoak gizarteratzeko.

Lehen bileraren ondoren egindako prentsaurrekoan diputatu nagusiak adierazi duenez, gizarte, genero eta hizkuntza ezberdintasunak ahalik eta gehien murrizteko Gipuzkoako Foru Aldundia egiten ari den ahaleginetan kokatzen da Gipuzkoa berdinago prozesua. “Bi hizkuntza ofizial ditugu lurraldean, baina bistakoa da bien erabilera ez dela orekatua. Esparru batzuetan euskararen presentzia oraindik txikia da, nahiz urratsak egiten ari garen. Herritarrari bermatu nahi diogu bi hizkuntza ofizialetatik nahi duenean jarduteko askatasuna, baina gaur gaurkoz errealitateak erakusten du aukera hobeak –eta errazagoak–  daudela gaztelaniaz”, gogoeta egin du Olanok.

Testuinguru horretan, diputatu nagusiak azaldu duenez, aukera berdintasuna sustatzeko, “ezinbestekoak dira jarrera orekatzaileak, hau da, euskaraz gehiago edo bakarrik egingo duten iturri eta bide berriak zabaltzea”. Bere esanetan, gainera, “iturri horien eragina biderkatu egiten da gizartean prestigioa duten erakunde erreferente edo liderretan badute sorburua”.

Zentzu horretan, Gipuzkoako Foru Aldundiak deituta, Gipuzkoa berdinago egitasmoaren helburua da lurraldean erreferentzialak diren erakunde batzuk bildu eta gipuzkoar gizartearen aurrean oreka edo berdintasun berri horien bila eredugarri izan litezkeen jokabide egoki batzuk adostea. Hots, erakunde guztientzako erreferentziazkoa izango den hizkuntza erabilera portaera batzuk eraikitzea eta horiekin bat egitea. Horretarako, datozen hilabeteetan antolatuko diren lan saioetako bakoitzean, jendaurreko komunikazioko esparru jakin baten gaineko lanketa egingo da –prentsaurrekoak, jendaurreko ekitaldiak, idatzizko komunikazioa–, eta erakundeen arteko elkarlanaren bitartez horietako bakoitzean zer nolako praktika orekatuagoak baliatu beharko liratekeen zehaztuko da.

Egitasmo honekin, Gipuzkoak bere ekarpena egingo dio Soziolinguistika Klusterrak dinamizatzen duen Jendaurrean erabili proiektuari, zeinek helburutzat baitu erakunde eta enpresen jendaurreko euskarazko komunikazioan laguntzeko baliabideak eskaintzea. Horretarako, ikerketa eta ekintza elkar uztartuz, erakunde desberdinen arteko elkarlana ahalbidetzen duen praktika komunitatea jarri du abian proiektu honek. Izaera desberdinetako erakunde eta enpresa publiko zein pribatuen arteko elkar harremana sustatu eta euskarazko komunikazioaren inguruko esperientziak partekatu eta elkarrengandik ikasteko gune aktibo bat sortuz.

Euskal Herriko beste lurraldeekin alderatuta, Gipuzkoa da testuinguru soziolinguistikoa euskararen aldekoen duena. Gipuzkoan elebidunak direnen kopurua beste lurraldeetan baino nabarmenki handiagoa da, eta joera hori areagotuz doa. 2011ko V. Inkesta Soziolinguistikoaren arabera, adibidez, 16 eta 24 urte bitarteko Gipuzkoako gazteen % 77,4 elebiduna zen, eta datu horiek goranzko joeran jarraitzen dute urtez urte. Gipuzkoak, beraz, gero eta aukera hobeak eskaintzen ditu euskara eta gaztelaniaren arteko berdintasun sozial bat bilatzeko, eta baita ere bi hizkuntzen erabileran oreka eta eredu berriak praktikan jartzeko.