Web edukia bistaratu Web edukia bistaratu

Berriak

Eduki publikatzailea Eduki publikatzailea

Atzealdea

Hizkuntzen Erabileraren VII. Kale Neurketaren emaitzak

Mikel Irizar: «emaitzak kezkagarriak izan daitezke, baina ez harrigarriak».

2017·07·13


Hizkuntzen Erabileraren VII. Kale Neurketaren emaitzak kezkagarriak izan daitezke, baina ez harrigarriak. Legealdi hasieratik diputatu nagusiaren ahotik azaldu dugu euskararen biziberritze prozesua bidegurutzean ikusten dugula. Hautabide bat egin beharrean gaude, izan ere, bide batek ekar lezake prozesuan aurrera egitea; besteak eraman gaitzake ofizialtasun hutsezko egoera batera. Hain zuzen, Hizkuntza Berdintasuneko Zuzendaritzaren jarduera osoa aurrera egitera dago bideratuta, alegia, aztertzera nola asmatuko dugun bidegurutzetik aurrera egiten.

Ikerketan eta hausnarketan murgilduta gabiltza, beste erakunde publikoekin eta gizarte eragileekin lankidetzan, bide egokien bila. Dagoeneko esan daiteke krisi aktibo honen ondorioak bistaratzen hasi direla. Besteak beste, hiztunen aktibazioaren esparruan han eta hemen gertatzen ari diren ekimenak kezka honi erantzutera datoz.

Dena dela, alderdi positiboak azpimarratu behar dira, Hizkuntzen Erabileraren VII. Kale Neurketaren emaitzetan: zenbat eta gazteago izan, orduan eta gehiago egiten da euskaraz, Gipuzkoan bereziki. Hogeita zazpi urteko bilakaeran (1989-2016), haurren, gazteen eta helduen erabilerak gora egin du.

Bestalde, adin talde guztietan, batez beste emakumezkoek gehiago egiten dute euskaraz, gizonezkoek baino.

Horrekin batera, analisi zorrotzagoak beharko dira, kaleko datu hauek 6. Inkesta Soziolinguistikoaren emaitzekin gurutzatuta. Are eta gehiago, erabilera kokatzen bada jomugan, neurtzeko sistema ere aztertu eta garatu egin beharko da, emandako urratsen ebaluazio zehatza eta eraginkorra egiteko.

Beste maila batean, biziberritze prozesua indartzeko oso eraginkorra litzateke paktu sozial eta politiko sendo bat lortzea, portaerak, arauak eta baliabideak eraginkorragoak izan daitezen. Euskal herritar guztion helburua litzateke bost urte barruko neurketan oraingo joera iraultzea, hiztunen arteko berdintasunean oinarrituko den bizikidetzaren bila.

 

Mikel Irizar

 

 

Argazkia: Jorge Royan CC BY-SA 3.0