Moriartik jaso du Anton Abbadia Saria

Gipuzkoako Foru Aldundiak ematen duen Anton Abbadia saria Moriarti Produkzioak ekoizpen etxeak jaso du aurtengoan, “euskal zinema nazioartean ezagutarazteko egindako lanagatik”.

-ren irudia
 Moriartik jaso du Anton Abbadia Saria

Saria banatzeko ekitaldia 2016ko abenduaren 1ean izan zen Gipuzkoako Foru Aldundiaren Jauregian. Eszenografia ikusgarria izan zuen aurtengo edizioak, zinema areto bihurtu baitzuten palazioko bigarren solairua.

Joseba Usabiaga aktoreak egin zituen aurkezle lanak, aretozain bihurri samar baten papera jokatuz. Gipuzkoako Foru Aldundiaren Hizkuntza Berdintasuneko zuzendari Mikel Irizarrek adierazi zuen formatu berri bat eman nahi izan ziola sariari, indartzeko asmoz.

Ondoren Kike Amonarrizek hitz egin zuen epaimahaiaren izenean.  Moriartiren ibilbidea laburtu zuen, eta haien garrantzia azpimarratu: “Euskal Herriko eremu geografikoa eta euskararen eremu linguistikoa gainditu dituzte, eta haien filmak Euskal Herritik kanpo euskaraz eta azpitituluekin ikusi dituztenak gehiago dira, bertakoak baino; bada marka! Duela gutxi ezinezkoa zena lortu dute: euskara, zinema eta Oscar hitzak esaldi berean josi ahal izatea”.

Ostean, Moriarti Produkzioak ekoizpen etxeko sei kideak igo ziren eszenatokira saria jasotzera: Jon Garaño, Xabier Berzosa, Aitor Arregi, Jose Mari Goenaga, Asier Acha eta Jorge Gil Munarriz. Izaskun Alvarez artista oiartzuarrak egindako artelan bat izan da aurtengo saria. Horretaz gain, artelan horretan oinarritutako serie bat egin du artistak Moriartiko kide bakoitzarentzat.

Jon Garañok eta Aitor Arregik hitz egin zuten, ondoren, Moriartiren izenean. Senitartekoak izan zituzten gogoan estreina eta  euskal ikus-entzunezko sektorea osatzen duten gainerako enpresa eta eragileak ondoren (bereziki, Irusoini). Amaitzeko Garañok pelikulak euskaraz egiteri buruzko hausnarketa bat egin zuen:   “Filmak euskaraz zergatik egiten ditugun galdetzen diguten bakoitzean, beti etortzen zaigu burura erantzun berbera: Eta zergatik ez?”, amaitu zuen Garañok.

Azkenik, Gipuzkoako Foru Aldundiko diputatu nagusi Markel Olanok hartu zuen hitza eta euskararen normalizazioan  ikus-entzunezkoek duten garrantzia  azpimarratu zuen. Bide horretan, Gipuzkoako Foru Aldundiak Tabakaleran ikus-entzunezkoei eskainitako bi proiektu abiatu nahi dituela azaldu zuen: bata, hezkuntzari lotutakoa, eta bestea, eskaintzaren ingurukoa.