Enrike Amonarrizek jasoko du 2015eko Abbadia saria

Tolosar soziologo eta aurkezleak euskara mezu baikorrekin, umorearekin eta imajinazioarekin lotzeko egindako ekarpena aitortuko zaizkio

-ren irudia
 Enrike Amonarrizek jasoko du 2015eko Abbadia saria

Kike Amonarriz (@KikeAmonarriz, Tolosa, 1961) soziologo eta aurkezle ezagunaren aitorpena egingo du 2015eko Anton Abbadia sariak, landu dituen esparru anitzetan euskararen normalizazioaren alde egindako lanagatik eta euskara mezu baikorrekin, umorearekin eta imajinazioarekin lotuz, ekarpen nabarmena egin diolako hizkuntzaren bizitasun eta aberastasunari. Hizkuntza Berdintasuneko zuzendari Mikel Irizarren iritziz, «Amonarrizek aurkezle eta gidoilari moduan telebistara eraman ditu euskarazko saio arrakastatsu, gozagarri eta interesgarriak».

Gipuzkoako Foru Aldundiak euskararen normalizazioaren aldeko lanetan nabarmendutako pertsona edo elkarteen jarduna saritzeko ematen du Abbadia saria. Aurtengo honetan, Iago Rey eskultoreak sortutako artelana jasoko du Kike Amonarrizek sari gisara, abenduaren 2an, 19:00etan, Aldundiko jargi aretoan egingo den ekitaldian.

Abbadia sariaren epaimahai osatu dute Arantxa Urretabizkaiak, Jone Miren Hernandezek, Iban Arantzabalek, Maite Artolak eta –aurreko edizioan saritutako Ixa taldearen izenean– Arantxa Diez de Ilarrazak. Epaimahaiak Kike Amonarriz proposatu du Anton Abbadia sariaren edizio honetarako, hainbat arrazoi kontuan izanda. Alde batetik, soziolinguista gisa egindako lanen eta idatzitako artikuluen sendotasunagatik; eta, bestetik, telebistan euskara modu gozagarrian eta interesgarrian erakutsi duten saio ezberdinekin izan duen arrakastagatik.

Landu dituen esparru guztiek euskara izan dute ardatz. Mezu baikorrekin, animosoekin, umorearekin eta imajinazioarekin lotuz, bereziki gazteei begira euskara erabilgarri eta dibertigarri izan daitekeela erakutsi du, eta hizkuntzak behar duen bizitasuna eta aberastasuna sustatu ditu.

 

Argazkia: Gorka Palazio | CC by-sa