Euskara Zuzendaritza Nagusia 2011-2015 legealdian

Gipuzkoako Foru Aldundiak egiturazko erabakiak hartu ditu 2011-2015 legealdian, erabaki politikoak, Aldundian eta Gipuzkoan euskararen erabilerak jauzi esanguratsu bat egiteko.

-ren irudia
 Euskara Zuzendaritza Nagusia 2011-2015 legealdian

Hizkuntza politika berri bat

Euskaldunon hizkuntza-eskubideen bermeak gidatu du Aldundiaren jarduera, euskararen benetako ofizialtasuna garatzeko, jendartean harreman parekideak lortzeko eta gizarte kohesioari laguntzeko.

Horren haritik, 2015erako zerbitzu guztiak euskaraz emateko engaiamendu eman du Aldundiak, gizartearen aurrean, helburu argia eta epe zehatza ezarriz bere buruari.

  • Herritarren arreta zuzena egiten duten lanpostuen mapa egin da, eta lanpostu horien hizkuntza eskakizunak eta derrigortasun datak aldatu dira, behar izan diren kasuetan. Langileei eginkizuna aldatu zaie, zerbitzua euskaraz eskaintzeko behar adinako gaitasuna ez zuten kasu askotan.
  • Herritarren arreta lehen hitzetik euskaraz egiteko, hizkuntza protokolo bat ezarri da jendaurreko lanpostuetan. Lan horren osagarri, banakako eta taldekako trebakuntza saioak antolatu dira langileekin.
  • Langileen hautapenean irizpide berria ezarri da: Aldundiko langile berriek hizkuntza eskakizuna egiaztatua izatea eta zerbitzuak euskaraz emateko gaituta egotea. Hautaketa prozesu guztietan eskatu zaie Aldundiko izangaiei lanpostuko hizkuntza eskakizuna egiaztatuta izatea.
  • Herritarren hizkuntza hautua ezagutzeko bidea zehaztu da, Aldundirekin harremana euskara hutsean nahi duten pertsona fisiko eta juridikoei zerbitzua euskara hutsean eskaintzeko.

Era berean, euskara lehenesten duen hizkuntza politika garatu da, bi hizkuntza ofizialen arteko berdintasuna ekarriko duen egoera lortzeko, eta errazteko, euskaldunei, euskararen erabilera, Aldundiaren zerbitzuak erabiltzean.

  • Lau langunetan plangintza intentsiboak zehaztu dira, euskara lan hizkuntza gisa ezartzeko, eta arnasgune gisa joka dezaten.
  • Sentsibilizazio ekintzak egin dira langileekin batera, lider eraldatzaileak trebatuz, laneko eremuan euskararen erabilera areagotzeko.
  • Jardunaldi tekniko bat antolatuko da, euskararen lehentasunaren alderdi juridikoak eta praktikoak aztertzeko.
  • Komunikazio instituzionalean euskararen lehentasunaren printzipioa ezarri da, erakunde euskaldun gisa agertzeko herritarren eta gainerako erakundeen aurrean. Adibidez: euskarazko irudi korporatiboa hautatu da; argitalpenetan, euskara hutsezko eta euskara-gaztelaniazko eredua hobetsi da, eta erdaraz bakarrik aritzea saihestu da; euskarazko hedabideei lehen mailako tratua eman zaie; jendaurreko ekitaldiak euskaraz egin dira, lehentasunez. Herritarren hizkuntza eskubideak bermatzeko, aldibereko itzultzaileen zerbitzua erabili da.

Hari beretik, Aldundiaren jardunetan euskararen zehar-lerroko ikuspegia txertatu da, departamentu guztietarako baliozko diren neurri eta irizpideak xedatuz, erakundeak euskaraz lan egin dezan normaltasunez (zerbitzu eta lan hizkuntza gisa) euskararen erabilera esparru guztietan.

Gainera, Aldundiaren jardueran prebentzioaren ikuspegia barneratzeko urratsei ekin zaie, hizkuntza kudeaketaren aurreikuspena egiteko edozein jardueratan, diseinu fasetik bertatik, eta euskara osasuntsu dagoen egoeretan atzerapausoak saihesteko (neurrien eragin linguistikoak ebaluatzeko tresna zehaztu da).

Era berean, eraginkortasunaren irizpidea barneratu du Aldundiak:

  • Zorrotz betearazi da onartutako araudia (adib. 2010ean, kontratu publikoen % 40ean ezartzen ziren hizkuntza irizpideak. 2013ko abenduan, % 93an).
  • Epeetan oinarritutako plangintza zehaztu da (departamentu bakoitzaren normalizazio planean, urteroko hobekuntza helburu orokor bat izendatu da).
  • Etengabeko hobekuntzarako eta ebaluaziorako tresna berriak zehaztu dira (GFAren zerbitzuen hizkuntza kalitatearen ebaluazio soziala egin da, herritarrekin, partaidetza prozesu baten bitartez. Barne ebaluazioa indartzeko, barruko hizkuntza auditoretza sistema bat abian jarri da).

2014ko abenduaren 22an Diputatuen Kontseiluak onartu duen araudi berriak bere baitan bildu ditu aipatu ezaugarri eta irizpide horiek guztiak, nabarmen hobetuz euskararen erabilera GFAn arautzen zuen aurreko araudia. Gainera, Euskara Zuzendaritzaren egitura indartzeko urratsak eman dira, aldibereko itzulpen zerbitzua Aldundiaren egituran txertatuz eta lanpostu berria sortuz, normalizazio atalean lanpostu berriak bideratuz eta trebakuntza berregokituz.

Lankidetzan oinarritutako eredua izan da Aldundiarena. Azpimarratzekoak dira:

  • Udalen Proiektu Elkartuen dinamika berria. Gipuzkoako herri erakundeen arteko elkarlana nabarmen indartu da, eta baliabideen optimizazioa eta euskararen aldeko neurrien eraginkortasuna handitu dira. Adib. kontratazio publikoetako hizkuntza irizpideak adostea eta ezartzea; euskara ikasteko laguntzak handitzea (%15 bi urtetan) eta eredu bateratua adostea…
  • Euskararen Foroa sortu du euskalgintzako eragileekin eta, besteren artean, euskararen aldeko diru laguntza politika adostu du Aldundiak, aldatuz eta indartuz (% 3 gehiago, urtero, batez beste, euskarazko hedabideak eta euskara ikasteko laguntzak lehenetsiz).
  • Euskararen Adierazle Sistema sortzeko proiektua partekatu du Aldundiak, Euskal Herriko herri erakunde nagusiekin batera.

Azkenik, euskaren aldeko sentsibilizazioa bultzatzeko hainbat jarduera egin dira, adibidez: