Mikel Irizar, Hizkuntza Berdintasuneko zuzendari nagusi

Euskaltzaleen Topaguneko (euskara elkarteen federazioa) presidente ohia, tokiko euskarazko komunikabideen sorkuntza eta sustapenean bide luzea egina du.

-ren irudia
 Mikel Irizar, Hizkuntza Berdintasuneko zuzendari nagusi

Gipuzkoako Foru Aldundiak Mikel Irizar izendatu du Hizkuntza Berdintasuneko zuzendari nagusi, Diputatuen Kontseiluak 2015eko uztailaren 28an egindako bilkuran. Izendapena gaur argitaratu da Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean.

Ormaiztegin (Gipuzkoa) jaioa 1954an, ibilbide nabarmena jorratu du tokiko euskarazko komunikabideen sustapenean.

Irizarrek Kutxan garatu zuen bere ibilbide profesionala 2011 arte. Lan administratiboez gain, 2009tik aurrera gizarte ekintzaren esparruan aritu zen. Aldi berean, Debagoiena eskualdeko hedabideen sorkuntzan eta garapenean buru-belarri murgildu zen. Arrasate Press aldizkariaren eta Arrasate Telebistaren hastapenetan paper garrantzitsua izan zuen. Hala, 1990ean, taldeko komunikabide guztiak batzen zituen Arrasate Komunikabideak (ARKO) elkarteko presidente sortzaile izendatu zuten. 1999ean Goiena proiektuaren arduradunetako bat izan zen, eta ondoren hortik eratorritako kooperatibako lehen zuzendari nagusia. Debagoiena eskualdeko hedabideak bateratzen ditu ekimen honek.

Euskaltzaleen Topaguneko presidente izan zen 2012-2014 bitartean. Denbora horretan, Tokikom toki komunikabideen bateragunea sortzeko proiektua eta urratsak bizkortu zituen.

Aldi berean, ohiko kolaboratzailea izan da irrati eta telebistako solasaldietan, euskaraz zein gaztelaniaz. Besteak beste, Mezularia (Euskadi Irratia), Boulevard (Radio Euskadi) eta Azpimarra (ETB) saioetan partaide izan da.

Piperrautsa izeneko blog pertsonal bat du 2005az geroztik.

 

Informazio gehiago:

Argazkia:
ahotsak.eus cc-by-sa