Udako euskaltegietan izena emateko kanpaina aurkeztu du GFAk
Gipuzkoako Foru Aldundiak kanpaina abiatuko du herritarrek udako euskaltegietan izena eman dezaten.
- 0
Gipuzkoako Foru Aldundiak kanpaina abiatuko du herritarrek udako euskaltegietan izena eman dezaten. Kanpaina Gipuzkoako euskaltegi eta barnetegi guztien babesarekin osatu da, eta GFAko Euskara zuzendari Zigor Etxeburuak azaldu duenez, urtean zehar egin ohi den bezala, uda ere sasoi aproposa da euskararen munduan murgiltzeko, euskara hobetzeko eta erabiltzeko.
Kanpainaren helburua da ahalik eta ikasle gehien lortzea eta horretarako irrati, telebista, medio digital zein prentsa idatzian egingo da kanpaina bi astez. Donostiako autobusetan eta autobus geltokietan ere afitxak jarriko dira.
"Uda honetan etor zaitez ZEN egitera" da kanpainaren leloa, eta horrekin batera norberak bere barne oreka euskararen bidez lortzeko euskaltegietan izena emateko eskatuko da. Datorren astelehenean hasiko da kanpaina eta bi astez iraungo du.
Aurkezpenean, aipatu Euskara zuzendari Zigor Etxeburuarekin batera, Gipuzkoako euskaltegi eta barnetegietako ordezkariak izan dira. Horien ordezkariak azaldu du udako ikastaroak trinkoak direla, hilabetekoak, eta euskara eta euskal kulturan murgiltzeaz gain azterketak prestatzeko edota tituluak ateratzeko baliagarriak direla.